martes, 4 de diciembre de 2012

Igandea hotz, baina giroa epel Usurbilgo gaztetxean

  Igande hotz eta euritsua izan genuen pasa den astean, egun iluna. Hala ere, gaztetxean giro goxo eta beroa sortu genuen, benetan bisita atsegina izan baikenuen gure artean. 



Erraustegiaren aurkako II. egunean, Anari ikusteko gogoz geratu zen jende asko, abeslaria egun hartan gaixorik geratu baitzen etxean. Atsegin handiz jakin genuen igandean, abenduaren 2an, Anari gure artean izango genuela, eta abeslari azkoitiarrarekin batera Okene Abrego ere gurekin izango zela bere ikuskizun berria Usurbilgo gaztetxean taularatzen.







Lehenik, Okene Abrego (BAP, Inoreneroni) izan genuen eszenatokian, Mariano Hurtado (El hombre burbuja, Inoreneroni, Anari) lagun zuela. Benetan ikuskizun bitxia eskaini zigun bikote honek. Okenek Borja Iglesiasen (Mu), Gorka Setienen (Ertzetako komunikazioa) eta Xabier Montoiaren (Euskal Hiria sutan) lanetako hainbat pasarte errezitatu zituen, eta melodikaz, kontrabaxuaz, gitarraz eta perkusioz pasarte horiek musikatzeaz eta goxatzeaz arduratu zen Mariano. Eserita hasi bazen ere, izan ziren zutik errezitatu zituen hainbat pasarte, bai eta alderantziz errezitatu zuen bat ere, denon harrimenerako. Tarteka megafono txiki bat ere erabili zuen Okenek akonpainamendu gisa, bere ahotsari beste kutsu bat emanez. Gauza da argi geratu zela erregistro eta baliabide ugariko artista dugula Okene, eta berea eta Marianorena ez dela poesia-errezitaldi hutsa.









Okene eta Marianoren ikuskizunaren ondoren, horrenbeste itxarondako Anariren kontzertua hasi zen. Erraustegiaren aurkako II. egunean gaztetxera etorri eta penaz alde egin behar izan zuten asko bildu zen berriz gaztetxean. Usurbildarrez gain, beste hainbat herritako jendea ere bazen, eta denak ere kontzertua entzuteko gogotsu ziren. Anari Xabier Olazabal "Drake" (baxua), Borja Iglesias (gitarra), Mikel Abrego (bateria) eta Mariano Hurtadorekin (teklatuak) batera igo zen taulara, eta benetan kontzertu goxoa eskaini ziguten. Anarik abesti zaharrak nahiz berriak abestu zituen sentimendu handiz, eta bertaratu zirenek musikaz gozatzeko aukera izan zuten. A ze pagotxa, igande arratsalde batean horren ikuskizun ederra izatea!

Baliteke kanpoan hotza, euria eta iluntasuna nagusi izatea igandean, baina han izan ginen guztion artean benetan giro goxoa eta elegantea sortu genuen, musika onaz lagunduta. Eskerrik asko Okene eta Anari, bai eta zuen taldekide guztiei ere, horren igande arratsalde ederra eskaintzeagatik! Nahi duzuenean izango duzue tokia berriz ere Usurbilgo gaztetxean. Hurrenarte!!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario